Osakidetzak hizkuntz lehentasunei buruz galdetuko die erabiltzaile berriei. Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko bigarren Planaren zirriborroak erabiltzaile guztien hizkuntz lehentasunen erregistro bat proposatu zuen. Jasotako kritiken ondorioz, erregistro horri uko egin zion Osasun Sailak behin betiko plana onartzean, Darpon sailburuak «legezkoa» zela berretsi zuen arren. Dena den, datu base zehatza aipatu ez arren, Osakidetzak datu horiek bilduko ditu.

Jon Darpon Osasun sailburuak eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak aipatu planaren ildo nagusien berri eman zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Hizkuntz lehentasunei buruzko azalpenak eman zituzten. «Erabiltzaile berriei galdetzen hasiko gara, baina hasten garen unetik aurrera gure ateak irekita egongo dira guztientzat», azaldu du Etxeberriak.

Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko bigarren planak bi ildo zehaztu ditu. Alde batetik, ekainerako prest izango dute erabiltzaile berrien izenak hartzeko prozedura, eta, bertan, hizkuntz lehentasunari buruz galdetuko zaie. Bestetik, lehen arretako zerbitzuetan horri buruz galdetuko diete erabiltzaileei, eta datu pertsonalen atalean gordeko dute. Bi kasuetan erabiltzaileak oniritzia eman beharko du.

ZE BERRI