Bilatutako artxiboa: ‘ZAUZTARREZ’ Kategoria

Kaixo lagunok!

Izerditan Blai irrati saioko kideak gara. Arraio Irratia izeneko proiektu komunikatibo aske baten parte gara. Azken hori, Putzuzulo Gaztetxea okupatzearekin batera berrabiarazi zen. Hizkuntza mailan, Arraio Irratian euskara hutsean egitea dugu helburu. Elkarrizketatua erdalduna bada, ordea, erdaraz egiten dugu elkarrizketa, bere ahotsa gure uhinetatik zabaltzeko modukoa dela baderitzogu.

Izerditan Blai euskara hutsean egiten dugun kirol programa bat da. Makina bat esatarik hartu dugu parte programak antenan eman dituen ia zazpi urte hauetan, nahiz eta sortzaileetako batek hasiera-hasieratik tinko jarraitzen duen proiektuari lotua. Beraz, esatari bakoitzak esperientzia ezberdina dugu, baina lerro hauetan gaur egun gaudenok elkarbanatzen ditugun bizipenak eta sentsazioak plazarutko ditugu; euskarari lotuak direnak, bederen.

Hasi ginen garaian konturatzen ginen erdarazko hitz eta esamolde gehiegi sartzen genituela, mass media españolen kutsaduraz. Askotan, guretzat ohikoak diren hitzak erdarakadak dira, “playeruak” kasu, edo “preferente”. Baina gure ustean garbizalekerian ere ezin gara erori, gure herriko hizkeran oso errotuta dauden hitz batzuekin, ez behintzat. Dena den, urteak aurrera joan ahala, erdal hitz gehiegi erabiltzearen akats hori konpontzen joan garela uste dugu.

Irratian zuzenean ari garenean, idatzitako gidoirik gabe egiten dugu gure jarduna, emaitzak eta sailkapenak oinarri hartuta. Gehienez, partidaren baten kronika idatzia izaten dugu, batzuetan, erdaraz. Elkarrizketetako galderak izaten dira prestatuta eramaten dugun gidoi bakarra eta, hori ere, zuzenean aldatuz doa elkarrizketatuaren erantzunen arabera. Hori hala izanda, bat-batekotasunean, zeri eman garrantzia handiagoa, naturaltasunari edo egokitasunari? Nahi ala ez, euskaraz eginiko irratiko eta batik bat telebistako kirol esatarien hizkera kutsatu egiten zaigu; ezizenak ere beraiengandik hartu ditugu! Eta, bestalde, euskarazko paperezko eta medio digitalak irakurtzeak hizkera aberastu digu, konturatu gabe, agian. Baina, askotan, gure jarduna, natural-natural, zarauztarrez egiten dugu. Eta honek freskotasuna ematen dio gure programari, gure uste apalean. Beraz, hortxe gabiltza oreka bilatu nahian, edo desorekan eroso.

Beste gai bat hika edo zuka hitz egitearen kontua da. Guk, normalean, entzuleari zuzentzen gatzaizkionean, zuka hitz egiten dugu. Gure artean, ordea, hika egiteko ohitura dugu eta elkarrizketatuarekin konfiantza badugu ere bai. Baina saiatzen gara estudioan emakumeren bat badugu, gonbidatuen artean zuka egiten, hika saihestuta. Egia esateko, gai hau, hitanoarena, ez da gehiegi hausnartutakoa gure artean, egokiena iruditzen zaigun eran aritzen gara, buelta askorik eman gabe buruari.

Amaitzeko, lerro hauetatik euskara hedatu nahi duen orori Arraio Irratiaren ateak zabalik dituela gogoratu nahi diogu. Ideia bat eta gogoa besterik ez dira behar irratsaio bat aurrera eramateko. Beraz, jendeari gure uhinetan euskaraz egiteko gonbita luzatzea besterik ez zaigu geratzen. Euskara bizirik dago; erabil dezagun!

BIZITAKUAK , EUSKALDUNTZIA , HAUSNARRIAN , ZAUZTARREZ , ZE BERRI

Gaurkoan, ahotsak.com web orrialdea aurkeztu nahi dugu. Proiektu honen helburu nagusia, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.


Proiektuaren oinarriak 2002-2003 urteetan landu ziren, metodologia, baliabideak eta alderdi teknikoa ezarriz. Ondorengo 3 urteetan, 2004-2007 bitartean, bilketa lana hasi zen eta jasotako materiala lantzen hasi ziren. Hortik aurrera, Interneteko webgunea atontzen jardun dute. Webgunea 2008ko apirilaren 16an aurkeztu zuten, baina proiektuak aurrera jarraitzen du, etengabe ari baitira materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen.

Datu basean oraingoz, 223 herri; 4.021 hizlari; 39.435 pasarte; 6.574 transkribaturiko pasarte; 2.017 audio eta 10.885 bideo grabazio dituzte. Gure herriari dagokionez, era askotariko testigantzak bildu dituzte. 92 hizlari desberdinen pasarteak alajaina!

Hala ere agian askorentzat garrantzitsuenetarikoa guneak eskaintzen duen “corpus” atala da. Horren helburua, ahozko materialean oinarritutako corpus linguistiko bat osatzea da (ikusi azpiko irudia).

Hizlarien lekukotasunak oinarri hartuta, ondorengo informazioa jasotzen da: 1) lema bakoitzaren aldaerak; 2) aldaeren eta lemen banaketa geografikoa; 3) datu estatistikoak. Kasu guztietan, bildutakoaren transkripzio-zatia eta bideoa kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da.

Bilketa lan eta prozesamentu honekin, gure hizkuntza eta memoria historikoa hobeto ezagutzeko, ahotsak.com tresna paregabea bihurtzen dela zalantzarik ez dago.

Zeren zain zaude ba bertara sartzeko?

 

ERREMINTAK , ZAUZTARREZ

Kaixo Aldabakide!

Zarautzen gerrikuai “zintura” ere deitu izan zaio. Pako Olazabal (Paxo) eta Juan Jose Markaidek “zinturaka” jolasaren berri eman ziguten: zuk, blogari, ezagutzen al dezu? “Zinturaka” jolasteko lagun artian zintura bat behar izaten zan. Gordetzailliak zintura hura hartu eta nunbaiten izkutatzen zun. Besteek ezin zuten begiratu, noski, beayen lana gordetzailliak harrapatu gabe hura topatzia baitzan.

Behin, lagunartian “zinturaka” jolastia erabakita, Paxo eta Markaideren adiskide batek laugarren baten zintura izkutatu zun… eta baita nun gorde zun ahaztu’re! Oaindik ez omen du iñork billatu “zintura” hura!

ZAUZTARREZ

Kaixo Aldabakide! Zarautz Hizketan-eko beste pasarte polit bat zuretzat!

Jose Agustin Etxabek kontatu zigun Zarautzen jarri zan aurrenengotako telefonua beayena izan zala, beayen etxekua. Kale nagusiyan jaio zan Jose Agustin eta aita harakiña zunez, haragi-partitzen aritzia tokatu zitzaion gaztetan. Telefonuai dagokiyonez, numerua ondo gogoratzen zun gure hizlariyak: “seis, siete”. Motza gaur egunguan aldian! Jose Agustinek esan zigunez, bezeron batek zerbait enkargatu nahi bazun, berta deitzen zun, baiña ez bakarrik haragiya eskatzeko. Esateako, Markesak deitu eta Serrasenetik dozena bat pastel behar zuela eskatuz geo, han juten zan Jose Agustin enkarguan berri Serrasei ematea. Tarteka pastelen bat o beste’re jasotzen omen zun eskertzan!

ZAUZTARREZ

Kaixo blogari! Hemen beste zauztarran pasarte dibertigarri bat!

Feli Arrutik kontatuta, bea gaztia zanian, herriko mutillak kanpotik zetozen
neskak etxea laguntzen aritzen omen zian udaran, herriko neskai kaso handigirik in
gabe… Kontua da, garai hartan kanpotik aberats asko etortzen zala Zarautza eta haiekin
batea neskame ugari. Neskame haiei herriyan “bugatiyak” esaten zitzaien, eta zarauztar
mutillak desiatzen eoten omen zian kanpotar haiei etxea laguntzeko. Zergatik ote? Gaur
egun ohitura hori aldatu al da?

ZAUZTARREZ

Blogari, Zarauzko Patxiku Kalia zein dan jakingo dezu, ezta? Bai, bai, hoixe da, Gau Txori ta Basarri tabernak dauden kalia. Bizitza bertan pasa duen loyolatar ahizpek, Agatek, Ignaciak eta Rosariok, beayen kaliai izena nundik noa jarri ziyoen esplikatzen digue ondoko bideuan. Izen’e, ahizpek bazuten Patxiku izeneko anaya, ta…

ZAUZTARREZ

“Zarauzko perla-biltzaileek”, askoren gogo eta nahia bideratu nahian, Zarauzko inguru hauetan zer hizkuntz aberastasun daukagun agertu nahi digute.
Herri bakoitzeko hizkeraren aberastasuna sarri aipatzen da eta horretan adostasun handia badago ere, ez daude gauzak hain garbi aberastasun horiek euskara batuarekin, edo euskara teknikoarekin, edo benetan idatziz darabilenarekin lotzeko orduan.
Ez dituzte hitz arraroak bakarrik ekarriko ALDABAko sail honetara, ezta Zarautzen besterik erabiltzen direnak. Aberastasuna hor bakarrik dagoenik ez zaie iruditzen edo batez ere hor dagoenik.
Zarauztarrek gauzak adierazteko erabiltzen dituzten esateko moduak ekarriko dizkigute. Haietako asko inguruko herritan ere erabiltzen direnak izango dira, baina ez zaio inporta, Zarauzko hizkera inguruko jendeekiko harremanetan osatu da. Kontua da nondik zer edo zenbat hartu duen.
Idatzizko alorrari begiratuko diote eta horregatik idazteko modu egokian idatzita egongo dira, ez dira sartuko zarauztarrek nola ahoskatzen dituzten adierazten.
Hasiera batean behintzat, aurrera begira promozionagarriak iruditzen zaizkien esakerak edo hitzak emango dituzte, Zarautzen bolo-bolo erabili arren promozionagarriak ez diren esakerak ere bai baitaude. Bestela esanda, beraien galbahean pasata emango dituzte perlok.

Hementxe, beraz, Zarauzko perla-bilatzaileen lehen perlak:

- Kardantxuloa: Kaiolan edukitzeko harrapatu ohi zen txori kantaria. Izen ofiziala: Karnaba.
- Baldinbaitere: Adib. “Afaria berarengatik antolatu eta etorriko ote da; Baldinbaitere”.
- Larria: Gorputzeko zenbait eginkizunekin lotzen da. Adib. Kakalarria, pixalarria, gonbitolarria, itolarria. Bakarrik ere erabiltzen da; adib. “Larria datorkit”.
- Makala; Makaleko: Ederra, handia, garestia. Adib. “Makaleko kotxea erosi du”. “Makala jipoia jaso zuen Errealak lehengoan”.
- Mantsoagatik: Azkar. Adib. “Mantsoagatik etorri da”.

ZAUZTARREZ

Blogari, ongi jakingo dezun bezela, Zarauztarron hizkeran ezaugarri nabarmenenetako
bat da izenetako -iya bukaera. Izen bat –i bokalez bukatzen bada, ta –a gehitzen badiyou
(mugatzaillia), tartian -y- mouko soiñu bat sartzen diyou. Adibidez,

ogi + -a > ogiYa
zaldi + -a > zaldiYa
egualdi + -a > egualdiYa

Baiña, seguru al zaude tarteko soiñu hori -Y- bat dala? Konparau zazu gaztelaniazko
Y-rekin. Gure liburu  Zarautz hizketan-en, Y aukeratu gendun soiñu hori adierazteko, baiña…  Zuri zer iruditzen zaizu? Sentitu mingaña nun jartzen dezun…

ZAUZTARREZ

Zarauzko hizkera aztertzen aritu giñanian, bokalakin hainbat fenomeno gertatzen ziala ikusi gendun. Esateako, bokalak elkartzen zianian. Euskaraz, -a artikulua erabiltzen deu, hau da: gaztelerako “la + casa”, euskarazko “etxe + a” da, ezta? Hitza, ordia, -a bokalaz bukatzen bada, normalian bi -a hoiek, -a bakarra bihurtzen dia: “errota + -a > errota”. Hoixe gertatzen da normalian euskara batuan eta baita Zarauzko gure hizkeran’e.

Halare, eta inguruko herritan’e gertatzen dan bezela, Zarautzen “saldaa”, “gaztaa”, “azaa”, etab. bezelako formak ere erabiltzen diala kontuatu giñan. Oso hitz gutxikin gertatzen da hau, eta gehienbat hiztun nagusienek erabiltzen dituzte hitz hoiek.

Esate bateako, “Xaxola” sagardotegiyan hezi ta hazi zan Joxepa Lizason ahotan entzun gendun “gaztaa” hitza: “Sagardua eran iten zuen, ta nehiko ogi jan, ta holaxe. Gero intxaurrak asko: intxaurrak eta gaztaa”.

http://www.hizketan.org/hizlari/771

ZAUZTARREZ