Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kutxen bategitea eman zenetik bezero euskaldunon kexa ugari hedatu dira Kutxabanken jardunak eragindako hizkuntza eskubideen urraketen inguruan. EHEk abiatu duen ekimenaren helburua, herritarren aktibazioaren bitartez, entitateari ahalik eta kexa gehien helarazi eta Kutxabankek euskara eta euskaldunokiko duen jarrera aldaraztea zein bertan ere euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten eragitea da.
Espainiako Estatuak ezarri duen LOMCE legearen aurka agertu dira Ikasle Abertzaleak eta Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar plataforma. Besteak beste, erlijioak hartuko duen garrantzia, eta lege elitista, espainolista eta sexista dela salatu dute.
EHIGE, BIGE eta SAREAN elkarteek osatzen duten Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar plataformak salatu du inposizioa dela “erlijioa irakasgai curricular moduan sartzea”. Izan ere, ez dute uste gainerako irakasgaien egutegi eta ordutegia baldintzatzea bidezkoa denik.
MUko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean euskaraz bizi dira. Jakina, gazteleraz eta ingelesez ere ematen dira eskolak, baina, hizkuntza ardatza euskara da. Euskaraz egiten dira bilerak eta tramite administratiboak, eta euskara hutsezkoa da ikasle-irakasle harremana. Baina, hala ere, gero eta gaztelera gehiago entzuten da bazterretan…
Gazteleraz, batez ere, ikasleak jarduten dira. Ezaguna kontua, ezta? Nola lortu, berez, euskaldunak diren gazteak euskaraz aritzea bota barik alferrikako errietak eta sermoiak? Ez da gai erraza.
Lorea Agirre, kazetaria eta antropologoa da, eta Euskaldunon Egunkarian eta Berrian lan egindakoa. Gaur egun HUHEZIko irakaslea da. Euskararen eta euskal kulturgintzaren inguruan asko galdetu du, asko pentsatu eta asko ikertu du. Gaur, Euskadi Irratian izan da, euskararen normalizaziori buruz solasean.
Sustatu bidez jakin dugu blog honen berri. Helios Del Santok, bere blogean idatzitakoen berri idazten baitu tarteka albistegi horretan. Benetan interesgarriak iruditu zaizkigu bertan idazten dituen esperientzia, hausnarketa, erreferentzia eta abar. Euskararen alde EGOTETIK alde EGITERA pasatzeko bidean (euskaraz bizitzeko hautua egitean) aurkitutako bizipenak, lorpenak… kontatzen baitizkigu.
“30 laguneko talde batean, hizkuntza irizpideak (eta ardura dutenen jarrera eredugarria) egon ezean, baten hautu aktiboak aldaketak dakartza, bai horixe!”
Hemendik aurrera ere, arretaz jarritu beharrekoa izango da dudarik gabe.
Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko, 67/2003 dekretua ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzak, 2003ko martxoaren 18an. Dekretu horrek euskararen normalizazio prozesua arautu behar duten oinarriak ezarri eta zehaztu zituen, euren esanetan herritarren borondateari jarraituz. Dekretuak onartzen duenez, Osakidetza, herritarren osasun arreta helburu duelarik, herritarren biziaren alderik pertsonalari lotzen zaio, osasunari, eta horrek hurbiltasun animikoa eskatzen du. Pazientearekiko komunikazioa ezinbestekoa da eta, zerbitzuak hobetzeko, osasun arreta ganoraz egiteko, euskaraz izan behar du, pazienteak nahi badu. Osakidetzako Kontseiluak 2005eko maiatzaren 27an Euskara Plana onartu zuen, gure erakundean eta osasun publikoan euskararen erabilera normalizatzeko asmoz. Plan hori «herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko, gure gizarteak adierazitako nahiari eta berariaz eskatutakoari egoki erantzunez» sortu zen.
Uema Eguna ekainaren 8an ospatuko dute, Aramaion (Araba). Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean biltzen diren herriak euskararentzat arnasgune direla, baina arnasguneek airea behar dutela nabarmendu dute gaur, jaiaren aurkezpenean. Horregatik, Aire berria euskarari leloarekin ospatuko dute aurtengo eguna.
Maren Belastegi Uemako lehendakariak adierazi du “tokia bilatu ezinik” dabilela euskara, herritarren bi herenek ez dakitelako euskara, eta Euskal Herriko hainbat eremutan euskarak ez duelako aitortza ofizialik.
Horregatik, udalerri euskaldunek “funtzio garrantzitsua” dutela nabarmendu du Uemak. Baina behar bezala garatzeko tresna legalik ez dutela, eta azken hogei urteetan hartutako neurriak ere ez direla aski izan zehaztu du.
Eguneroko errealitatea iluna da askotan, administrazioan ezin, udaltzainarekin ezin, medikuarenean ezin, erosterakoan ezin, udal arduradunekin ezin, kalean ere batzuetan ezin euskaraz jardun.
Ordua da euskaraz bizitzeko hautua egin dezagun euskaltzaleok, euskararen alde egotetik, euskararen alde egiteko garaia delako. Norbanako zein kolektibo bezala euskaraz bizitzera goazela erakutsi behar dugu, ez dugu erdararen errepidera salto egingo, euskararen espaloian tinko mantenduko gara.
Hau guztia dela eta euskaraz bizi dinamikaren baitan Durangoko EHEko kideek 1.Euskaraz Bizi egun txikia antolatu dute ekainaren 8rako. Egitarau zabala antolatu dute egun guztirako eta herritar guztiak gonbidatzen dituzte beraiekin batera egun zoragarri bat pasatzera.
Ez gara espaloitik jaitsiko!
Euskaraz bizi!
Hernaniko Kronikak elkarrizketa zabala egin dio Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeari. Eusko Jaurlaritzak aurrekontu berririk izango ez duen honetan, azaldu du sailburuordetzarentzat lehentasuna izaten jarraituko dutela helduen euskalduntzeak eta euskarazko hedabideek.
“Hizkuntza politikaren ardura nik daukat, eta hala ere, neure egiten ditut lehendakariak markatu dituen marra gorriak: hezkuntzako oinarrizko zerbitzuak, osasunekoak, pobreziaren kontrako dirulaguntzak…; enplegua sortzeko edo hari eusteko neurriak… Uste dut eguneroko bizitzan egiten duguna dela.”








