Euskaraz bizi nahi duen lagun taldea gara, Zarautz nahiz Euskal Herri osoan euskaraz bizi ahal izatea eskatzen duen lagun taldea; gaur-gaurkoz, ordea, tamalez, euskaldunoi ezinezko zaigu gure herrian esparru guztietan hala aritzea. Askok horrela uste ez badu ere, euskaraz bizi ahal izateko, euskalduna izatea ez da aski; ezinbestean, euskaldunok aktibatu ere egin behar dugu, euskaltzaletu ere egin behar dugu, euskararen eta euskal hiztunon normalizazioan eragin egin behar dugu.

Asko dira, zorionez, Euskal Herri mailan eragite lan horretan dabiltzanak. Zarautzen ere bagara mordoxka bat, eta blog baten aitzakian biltzea erabaki dugu. Askotariko jendea elkartu gara ekimen honen bueltan, baina amets edo ilusio bat eta bera dugu denok: Zarautz nahiz Euskal Herri osoan euskaraz bizi ahal izatea.

Horretarako, baina, garrantzitsua da euskaltzaleok batzea eta, beraz, euskaltzaleontzako bilgunea sortzea, nor bere aldetik ibili gabe, elkarren ondoan hobeto ibiliko garelako. Horretara dator, hain justu, blog hau. Blog honek, beste edozeren gainetik, euskaltzaleon topagune izan nahi du, euskararen nahiz euskal hiztunon alde eragin nahi duenarentzako aterpe.

Beraz, ongi etorri euskaltzale!!! Gure artera bildu nahi baduzu, jo aldaba eta sartu ezkaratzera!!!